XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GIZARTE guztiek dute historia; baina ez dute gizarte guztiek historiarik egin, ez historia mota berbera burutu ere.

Gizarte bakoitzak nolako gizarte egitura eta nolako botere sistema zuen, bazuen idazketa sistemarik ala ez zuen, nolako erlijioa zen bertan gehiengoarena testu errebelaturik bazuen ala ez, Jaungoiko transzendenterik zuen ala ez, nolako jarrera izan duen denboraren eta heriotzaren aurrean, era bateko edo besteko estatutua eman izan diote oroimenaren jokuari.

Gaur egun geroz eta zailagoa ari da bihurtzen adierazpen sistemen aniztasun hori zehazki erakustea: Historia modu bat ebidentzia, eta horrenbestez esijentzia, unibertsala bihurtzeko joera bait dago: bilakaera kronologiko atzeraezina duen historia, printzearen, nazioaren, herriaren, munduaren historia.

Historia hori azkartuz bezala ari zaigu gainera geure begien aurrean: talde, instituzio, Estatu oro bere historia idaztera beharturik aurkitzen da.

Eta ez gertatu den historia bakarrik, geure begien aurrean egiten ari dena ere bai: telebistak ez al digu ekartzen egunero-egunero kontsumitu behar dugun keinu edo esaera historiko pila.

Orain bertako historia, orainari iragana balitz bezala begiratzen diona!.

Komunikabideen aro honetan dena historia den garaian sartuak gara.

Baina horrekin batera ardura bizia ageri da, obsesioa ere bai zenbaitetan, lehenagoko pertzepzio historikoak berriro argitaratzeko, memoria galduak, lausotuak, erreprimituak lotsagarriak nahiz ohorezkoak, ahozko nahiz idatzizko memoria, kolonia aurretikoa nahiz oraingoa, Auschwitzeko nahiz Gulageko memoria, historiaren biktimen memoria batez ere, berriro eraikitzeko.

Memoria bera historiaren gai bihurtzen da, memoriaren historia bera ere idazten ari den bitartean....

Unescoren Albistariak eremu zabal hori aztertzeko asmoa hartu du.

Baina historia mota anitz horien agerkera aztertzeko, ibilbide batzuk bere lekuan kokatzeko eta konparazio batzuren zirriborroa egin ahal izateko, berehalaxe ikusi dugu zenbaki bat ez dela aski.

Horregatik bi zenbaki elkarren jarraian horretarako erabiltzea erabaki dugu.

Lehendabizikoak, hemen aurkezten dugun honek, Historia eta memoria du gaia, historiak nola menderatu duen denbora... eta ahazturari irabazi.

Historia Minerba gidari duela idazten alegoria (xehetasuna). Charles Joseph Natoireren koadroa (1700-1777).